Badator Zamudioko Azokaren asteburua:100 saltoki baino gehiagotan, bertako ortuaririk onenak, artisau-lanak, txokolateak eta gozokiak salgai
Azaroaren 3 eta 4an hainbat jarduera ospatuko dira: Bizkaiko Limusin Abelgorrien XVII. Txapelketa, Zamudioko garagardoa eta gazta dastatzeko saioak- azalpen eta guzti-, eta euskal saltxitxa edo txahal-okela pintxoak . Azoka azaroaren 3an, zapatua, hasiko da 10:00etan, eta domekan amaituko da 14:00etan, azokara ekarritako gazta, ortuari eta txakolin sariak banatu eta gero. Euria bada, aterpe eder batzuen azpian egingo dira jarduera guztiak.
Zamudioko Azokak milaka lagun batu zituen iaz Kotxozulo parkeko azoka-gunean, eta aurten ere Bizkaiko udalerri honetan 100 saltoki baino gehiagotan bertako ortuaririk onenak, artisau-lanak, txokolateak eta gozokiak eskainiko dira, eta horrez gain, Bizkaiko Limusin Abelgorrien XVII. Txapelketara arraza horretako abelbururik onenak ekarriko dira. Euria bada, jarduera guztiak aterpe eder batzuen azpian egingo dira. Ospakizuna zapatuan azaroak 3 hasiko da. Zamudioko Txokolate, Gozoki eta Artisau-lanen VI. Azokak emango dio hasiera 10:00etatik aurrera. Euskadi osoko elikagai eta gai eskaintza zabala egingo da azoka-gunean, 40 saltoki baino gehiagotan. Egun osoan zehar, eta domeka goizean, Bizkaiko Limusin Abelgorrien XVII. Txapelketa egingo da.
Lehenengo eguneko programan, 11:30ean, artisau-garagardoa dastatuko da –azalpen eta guzti-, eta 13:00etatik aurrera euskal saltxitxa, txahal-okela pintxoa eta Zamudioko garagardoa jateko modua egongo da. Gai horiek jateko txartelak salgai dagoz azaroaren 2ra arte Adintsuen Etxean eta Lagunandre elkartearen lokalean, astelehen, asteazkenean eta ostiralean, 17:00etatik 19:00etara. Azokan gastatzen den 5 euroko, tiket bat banatuko da, udalerriko tabernetan kafea hartzeko. 17:00etatik aurrera, jarduera kulturalak izango dira; esaterako, ‘Marraka’ kaleko antzerkia eta Hiru Bat dantza-taldeak antolatutako ‘Tio Teronen Semeak’ talde-dantzak 18:00etan, Kultura Etxean.
Azokako egun nagusia azaroaren 4a, domeka, izango da. Kotxozulo parkeko azoka-gunean bertako ortuari-sorta eder bat eskainiko da. Zamudioko Nekazal eta Abere Azokaren XXXIII. urtean 60 saltokitik gora ipiniko dira, elikagai batu berriak eskaintzeko (barazkiak, ortuariak eta frutak); eta elikagai prestatuak ere (gazta, txakolina, eztia eta euskal pastela).
Jarduerak 10:00etan hasiko dira. Ikusgai egongo dira Limusin abelgorriak, Zamudioko abereak eta ortuko jenerorik onenak. 11:30ean, Idiazabal gazta eta txakolina dastatzeko saioak egingo dira –azalpen eta guzti. Ondoren, azokako sariak banatuko dira; 13:00ean, Bizkaiko Limusin txapelketako sariak, eta 14:00etan, gazta, barazki eta txakolin sariak.